miércoles, 10 de octubre de 2012

estereotipoak


Gaur egun, komunikabideek garrantzi izugarria hartu dute gure gizartean. Ia denok daukagu etxean irratia, telebista, interneta edota komunikatzeko edo informazioa jasotzeko beste edozein tresna. Zorionez ala zoritxarrez, ume gehienek denek ez esatearren telebista ikusten dute. Baina honek zer ondorio izan dezake haien heziketan?
Mundu globalizatu batean bizi gara eta honek bere alde txarrak eta onak izan ditzake. Txarrei erreparatuz gero, konturatuko gara marrazki bizidunetan edo nerabeentzako telesailetan agertzen den mundu ikuspegia agian ez dela guk gure seme-alabei transmititu nahi dieguna. Nire ustez, umeak engainatzen dituzte estereotipo, rol eta balore batzuk barneraraziz; gainera, ziur nago masa pasibo bat lortzea dutela helburu.
Gehien kezkatzen nauena emakume eta gizonen rolak direla esan dezaket. Emakumea beti agertzen baita lirain, argal, atsegin eta ahul. Haiek arduratu behar dira eder egoteaz gero gustoko mutila beraietaz maitemintzeko... Agertzen den irudia sensualitatearekin guztiz lotuta dago. Mutilek, berriz, gizon bihurtzeko helburua dute; hau da, indartsu, boteretsua, guztien artean onena, sentimendurik gabea etab. Guzti hau Disney pelikuletan topa dezakegu, horiek ikusi ondoren, zein umek ez du pentsatuko printzesa izan nahi duela? Edo gerlaria?
Hala ere, ez da soilik marrazki bizidunetan estereotipo hauek erreproduzitzen. Esate baterako edozein tokitan aurki ditzakegun iragarkietan, baina guri bost axola. Denok onartzen dugu emakumeen eredua emakume normalen erdia izatea eta gizonen eredua normalenaren bikoitza izatea. Ez gara ohartzen horrek eragin dezakeenaz (anorexia, bulimia, baztertua izatea, iraindua izatea...).
Bukatzeko, esan beharra daukat honen inguruko bideo ugari ikusi ondoren hau aukeratu dudala (seguraski ez da egokiena izango) oso motza izan arren, argi eta garbi agertzen delako zer-nolako heziketa jasotzen duten umeek telebista aurrean daudenean. Zorionez, nahiz eta poliki-poliki izan pausu txikiak ematen ari dira (hala nola, orain dela gutxi ateratako Brave pelikula). Dena den, ni ez naiz lasai geratuko Disney Chanel-en, adibidez, benetako neska eta gizonak agertu arte edo pertsonaien bikotea euren sexuaren araberakoa izateari utzi arte. Bitartean hezkuntzak gogor heldu behar dio zeregin horri pertsona aske eta kritikoak sortuz.

1 comentario:

  1. Benetan gustura irakurria.
    Bideoa ere ona begitandu zait (nahiz eta diskurtsua etenda dagoen eta Bilmaren erantzuna ez entzun). Diigon sartuko zenuen?! Ezta?

    Ohar teknikoa: Etiketak erabili, sarrera honek gutxienez bi behar lituzke: "Eneritz" eta "genero ikuspegia". Nik gehiago ere ipiniko nituzke.

    Nahiz eta egiten dituen kritikak genero ikuspegian ardaztu ez, aurkitu berri dudan toki hau zuretzat interesgarria izan daitekeela uste dut.
    K1 lan modularrari dagozkion testuak emateko orduan, gogoratu bat gomendatu behar dizudala; luzeena (el que avisa no es traidor) eta onena, nire ustez.

    ResponderEliminar