Lorea


Bakarkako hausnarketa:

                Kurtso hasieran, nire etorkizuna irakaskuntzara bideratzearen zergatia azaltzeko eskatu zidatenean, argudio gutxi bururatu zitzaizkidan, eta orduan arduratu egin nintzen, agian benetan gustuko ez nuen ikasketa burutzen ari bainintzen. Hala ere, denborarekin ikusi dut nire ardurak ez zuela ez hanka ez bururik, duela askotik bainekien hau dela benetan ikasi eta betirako izan nahi dudana; gainera, Aranbizkarra ikastolan egindako boluntario lanarekin argi geratu zaidala esango nuke.

Nire ikasketetako ikasgai batean ikasitakoaz hitz egitean, kurtso hasieratik kronologikoki egindakoaz oritzen hasten naiz, baina kasu honetan niri ez zait hori gertatu. Nahiko argi daukat irakasgai honetan ikasitakoa taldeka egin dugunaren araberakoa izan dela gehienbat, batak zein besteak gai bati buruz zekiena azaldu dugunean, besteek beren iritzia azaldu dutenean... honen ondorioz, esan dezaket azken batean irakasleak era ez-zuzen batean irakatsi duela, eta hau oso aberasgarria izan daitekeela ikasleon garapenerako.

Interneten bilaketak eta nahi duguna partekatzeko era ezberdinak ikasi ditut, hala nola Diigo edota taldeka sortutako bloga. Esan beharra dut, hasiera batean erabilera eman niola Diigori, baina pasahitza ahaztu nuen eta beraz gutxi erabiltzeko aukera izan dut; hala ere, modulu lana egiten hasi garenean, Eneritz eta biok elkarrekin aritu gara Diigon barrena klasekoek baliagarria izan dakigukeen zerbait azaltzen bada ikusteko, eta gauza interesgarri anitz topatu dugu.

Gai ezberdinei buruz hausnarketa sakonak burutu ditugu, bai interesezko gaiei buruz (blogaren bidez)  zein klasean azaldu diren gai ezberdinei buruz (hala nola mintegia egin genuenean). Nire intereseko gaiak beste ikaskide batzuenekin alderatzeko aukera izan dut blogari esker, baita gauza berriez jabetzeko ; beraien argitalpenak irakurri ostean ideia berriak azaltzen zitzaizkidan nik ere bloggean sarrera bat egiteko.

Lanak egiterako orduan, geroz eta gogo handiagoa izan dudala sumatu dut, nola sakontasun handiagoz egin dudan, eta azkenean zehaztasun gehiago ere bai. Ez dakit honekin lanak hobeak izatera iritsi diren, baina esan dezaket gusturago burutu ditudala. Gainera, etorkizun batean izan nahi dudanarekin lotura handiagoa duten gogoetak egin ditut, eta nire taldekideekin gogoeta hauek konpartitzeko aukera izan dut.

Irakasgai honetan, talde lanean aritzeko aukera handia izan dugu, eta hau oso baliagarria izan dela nabaritu dut, taldekideen laguntza sentitzeak konfiantza eman didala uste baitut. Gainera, jendearen aurrean mintegia egindakoan, oso gustura azaldu nintzen, eta beraiek interesa azaltzea ezinbestekoa izan zen hitz egindakoak indarra har zezan.


MINTEGIAREN HAUSNARKETA:

Taldeko lana: lan hau hasieratik gustuko izan dudan gai baten inguruan egindakoa zenez, interes handia eta gogoz burutu dut, gainera, talde osoaren gustuko gaia dela esango nuke, eta horregatik esfortzu handia behar izan duen lana izan da, denok baikenuen iritzi bat euskararen inguruan. Egia da, hasiera batean posterra lana burutu ostean egingo genuela, baina gero konturatu ginen posterra egin ahala sortuko genituela gure hitzaldiaren inguruko ideiak. Gure lana eta esfortzuaren nota 4 izan beharko lukeela uste dut, intereseko gai bat bilatu, landu eta gustuko norabide batean bideratu baikenuen; gainera, kontrolpean genuen gai bati buruz hitz egitea ezinbestekoa dela iruditzen zait, bestela oso zaila baita galdera guztiei era egoki batean erantzutea eta aldi berean seguritatez egitea, eta guk hau lortu genuen.

Taldekideak irakasle: talde osoan aritutakoak ibili ziren ondo, orokorki, nahiz eta batzuek urduritasunarekin nahiko gaizki pasatu. Orokorki, talde guztiak mintegiko mamia harrapatu zuten, ideia nagusiak beraien balorazioan azaltzen direlarik antzeman daiteke hori; gainera, batzuek beraien egoera azaldu nuenaren berdina zela azaldu zuten, nola nire ideiak gustuko zituzten eta pixkanaka egoera hori aldatzen ahaleginduko zirela. Lehen esan bezala, nire taldeko lana ona izan zela uste dut, baina urduritasunagatik zenbait puntu azaldu gabe geratu ziren, gainera, galderak erantzutean gaiak beste bide bat hartu eta berriz ere hasierako puntura joateak zentzurik ez zuela iruditzen zitzaidan. Mintegiko praktika ona izan zela ikusi dut, nirekin egondako ikaskideek galdera zein beraien pentsamenduekin parte hartzera animatu zirelako.

Mintegi-kideak: Praktika hau ez zen nire lanaren inguruan bakarrik suertatu baliagarria, beste gai batzuk ezagutzeko eta modu aktibo batean beraiei buruz hitz egiten aritzeko aukera eman zigun guztioi. Hitzaldi ezberdinak alderatzen, bakoitzak hobetu beharreko aspektuak antzematea lortu nuen, baita nirekiko aspektuak ere. Ebaluatzeko orduan, mintegi-kideek gustuko gaia izan zela adierazi dute, eta beraien erantzunetan motibazio puntu bat ere antzeman daiteke, baina hori posterraren eraginagatik ere izan daiteke, dirudienez asko gustatu zitzaien eta. Osotasunean, hobetzeko zenbait aspektu agerian geratu ziren, baina hori normala da egindako lehenengo mintegia izanik, horregatik merezitako puntuaketa 3 dela esango nuke, nahiz eta hobetzeko  aspektuak egon, azaldutako gogoa eta mintegiko beste kideen gaiei buruzko interesak merezi dute.

Nire lana zein besteena kalifikatzeko orduan, irizpide hauek jarraituko nituzke:

1.- Eskasa: lana gaizki dago estrukturatuta, gogo gabe egindako idatzia da, edukia nahiko pobrea da.
2.- Nahikoa: lanaren edukia nahikoa da, baina justua bakarrik bilatu da. Estruktura eta lanaren zentzua egokiak dira.
3.- Ona: edukia ez da eskatutako minimoa bakarrik, bilaketa apur bat zabalagoa egin da, gainera, lanak zentzu osoa du. Gogo faltarik ez dela egon nabari daiteke.
4.- Oso ona/ Bikaina: informazio ugari erabili da, eta honela edukia oso zabala izatera iritsi da. Lanaren estruktura guztiz egokia da; gainera, oso gustura egindako lana izan dela ikus daiteke.

No hay comentarios:

Publicar un comentario