IKASGAIAREKIKO HAUSNARKETA:
Hausnarketak:
Orain arte egindako lanak berrirakurtzen, gauza askotaz konturatu naiz. Hasteko, uste nuen baino gusturago irakurri ditut, izan ere, idatziak egin nituenean ez nintzen oso gustura geratu egindakoarekin, baina orain irakurri ahala ikusi dut esandako gauzak ez daudela hain gaizki eta transmititu nahi nuen mezua ulertu egiten dela. Laburbilduz, nahiko harro nagoela egindako lanaz. Hasteko, ikasi dudan gauzetako bat bada pelikula eta dokumentaletatik gustuarengatik egiteaz gain aspektu asko aztertzeko balio dutela, adibidez, Etre et avoi-tik ikusi ahal izan dut nolakoa izan daitekeen irakasle bat, eta azken finean nire lanbiderako formazioaren parte izango da eta etorkizunean nire lana burutzeko lagungarria. Beste hausnarketak irakurriaz harro egon izanak ez du esan nahi hobetu ezin daitekeenik, aldrebes, gauza asko ikusi ditut alda daitezkeenak eta erraz aldatzekoak gainera. Adibidez, nabaritu dut nire lanetan gaiaren deskribapena orokorrean oso zehatza dela, egokia oro har, baina hausnarketa pertsonala motz geratzen dela, hau da, nire ikuspuntua oso zeharka ageri dela eta ez dagoela oso sakonduta. Izan liteke azkeneko lanetan gehiago sakondu izana, adibidez, lehenengo lanean “Irakasle ona” eta azkenean “irakaslearen begietatik” desberdintasun handiak ikusi daitezke kontzeptuen aldetik, eta hausnarketaren aldetik, izan ere azkenengoa asko hausnartu ondoren eta irakasle baten iritzia izan ondoren egin nuen eta ondorioz, askoz hobea izan da azkenengoa, ikasi dudanaren seinale, baina oraindik lan asko egiteko daukat, agian autokritika moduan, lanak gehiago planeatu beharko nituzkeela uste dut, paper batean eskema bat egin, denbora eman gaiari buruz buruari bueltak ematen...etab.
Diigo:
Web-orri honi dagokionez, ezin askorik esan asko erabili ez baitut. Baina argi dago oso erabilgarria dela adibidez gela batean denok topatzen ditugun gauza interesgarriak partekatzeko, izan ere, internet oso zabala da eta sarritan zaila suertatzen zaigu informazio egokia topatzea. Gehiago erabili behar nuelakoan nago, baina apur bat ahaztuta izan dut, hala ere aurrerantzean hobeto erabiltzen ikasteko eta horrela sarritan erabiltzeko kompromezua hartzea espero dut. Hala ere, bloga bai dezente erabili dudala, eta esan beharra dut asko gustatu zaidala informazioa bilatzea eta nire ekarpen propioak egitea interneten eta nire taldekideei eskeintzea nik topatutakoa, benetan baliogarria iruditzen zait edozein gaiaren inguruan gabiltzala gure informazioa partekatzea.
Talde-lanak:
Ikasgai honetan baliteke gehien ikasi izana talde-lanetatik. Benetan aberasgarri iruditu zait blog-aren erabilera, bertan taldekide guztien kezkak, iritziak, bideoak, informazioak...ikusi eta aztertu ahal izan ditudalako. Gainera, talde moduan oso ondo funtzionatu dugula uste dut, giro ona dago gure artean, onegia beharbada batzuetan asko hitz egiten dugulako, baina betiere lanak burutu ditugu, beraz, gure helburuak bete ditugula uste dut. Beharbada, talde-lanei buruzko hausnarketak egiteko, hobe egingo dugu benetan taldean egiterakoan, beraz, taldeko hausnarketa egiten dugunerako utziko dut galdera hau.
Irakaslea:
Irakasleaz eta irakasgaia planteatzeko moduaz esan daiteke ez dela batere arrunta izan, oso planteamendu originala iruditu zait, eskolan egiten ez genuen bezala, hausnartzeko tarteari garrantzi handia eman zaio eta aukeratu dugun lanbidea hasi baino lehen egin beharreko gauza dela uste dudanez egokia iruditzen zait ematen zaion garrantzia. Bestalde, ikasleok pixkat bideratzea gure eginbeharrak ere gustatu egin zait, ez da oso ikasgai mugatua izan baizik eta nahiko irekia. Gainera, lana oso gustura egin dut, materia oso espezifikoa ez izanik apur bat nire gustuen arabera egin ahal izan dudalako. Hala ere, aipatzekoa da hasieran apur bat galduta aurkitu nintzela.
Aranbizkarra:
Aranbizkarra:
Benetan interesgarria iruditzen ari zait egonaldia. Inoiz bizi izan ez dudan esperientzia izaten ari da, izan ere, betidanik ikaslearen paperean egon naiz eta benetan beste aldea ez nuen ezagutzen. Zaila dela ere ikusi dut, beti daude ikasle zailagoak bihurriak direlako edo kostatzen zaielako, baina laguntzen diezunean eta ikustean ikasten ari direla pizten da benetako poztasuna eta irakasteko grina, hala ere, badakit urteekin nekea ere ager daitekeela baina zoritxarrez, lan guztiekin gertatzen da. Iruditzen zait etorkizunerako baliogarria izango zaidala "praktika" hau, ni etorkizuneko irakasle izango naizena nolakoa izan nahi dudan eta zein bidetik joan ikusteko.
MINTEGIEN HAUSNARKETA
Taldeko lana:Lan hau benetan oso gustura egin dut, betidanik gaia izugarri interesatu zaidalako batez ere. Horretaz gain, taldekideak oso eroso aurkitu gara eta ondorioz nekatu gabe egin dugu lana. Hasieran ez genekien nondik hartu gaia eta piskat blokeatuta egon ginen. Gero hitz eginez somatu genuen nondik nahi genuen bideratu lana eta ideiak sortzen hasi ginen. Asko zentratu ginen hasieran idatzizko lanean, hau da, ondo azaltzen gure gaiaren nondik norakoa, baina posterra egin ahala konturatu ginen esandako ideiekin mintzamen edo azalpen dezente bat sor genezakeela eta errazago transmititu gure hitzen bidez era naturalagoan idatzian baino. Puntuazioa: 4. Benetan gaia lantzea izan genuelako helburu eta bide batez hausnartu egin genuelako eta uste dudalako besteek ere hori ikusi zutela gure lanean, hau da, etorkizunean irakasle izango direnak kontzientziatu nahi genituela euskeraren egoeraz; ikusten da komunikazioa egon zela gure artean erantzunetan adostu genuen garrantzitsuena ageri zelako.
Taldekideak irakasle:
Txostenen erantzunen arabera ikusi ahal izan dut orokorrean taldean hitz egindakoa denok adierazi genuela, hau da, ideia orokorra azaldu genuela. Baina ikusi dut ere batzuk buelta gehiago eman zizkiotela gaiari eta hausnartzeko aukera eman, izan ere, besteen erantzunetan esan da hausnartzeko unea izan zutela eta irakasle izango direnean kontuan izango dutela. Nik ordea agian buelta gutxiegi eman nizkion gaiari eta zuzenean irakasleon lanari dagokionean zentratu nintzen, izan daiteke urduritasunagatik edo garrantzitsuena izanagatik, ni entzundakoek ez baitituzte hain erantzun sakonak eman, hurrengorako badakit!. Puntuazioa: 3. Esan dudanez uste dut gure helburua bete genuen baina betiere hausnarketa gehiago izateko unea bilatzea garrantzitsua da eta batez ere guk gaiari eman nahi diogun garrantzia ematea.
Mintegikideak:
Oso talde atsegina egokitu zitzaidan. Denok entzun genuen denona atentzio handiz, garrantzitsuena idatziz. Nahi genuena hitz egin ahal izateko denbora izan genuen gure gaiari buruz, agian gehiago hausnartu genezakeen talde moduan, eztabaida sortuz gai ezberdinei buruz, baina naturalki ez zenez atera eta irakaslerik hau bideratzeko egon ezean… Hala ere hau gure jarrera aldatzeko seinale izan daiteke, hau da, inor guri begira egon gabe edo gu gidatu gabe lan ondo egiteko gai izaten ikastea, izan ere, inoiz gure eskola bizitzan ez dugu hau egiteko aukerarik izan eta ez digute erakutsi ere. Nirean erantzun dutenagatik ez da nabari entusiasmo askorik baina posterra ikusi zutenean asko gustatu zitzaiela eta oso ulergarria zela esan zidaten; hala ere, besteen aurkezpenetako erantzunetan ikusi da interesa piztu zuen gaia izan zela eta etorkizunean kontuan hartzekoa. Puntuazioa: 2 Lana ondo burutu zen, baina lehen esan bezela "plus" bat falta izan zitzaion, hausnarketa.
MAILAKETA:
1- Eskas: lana egin beharra delako egin da, inolako garrantzirik eman gabe.
2-Nahiko: lana zuzen egin da eta bete da lanaren helburua, hau da gaiari buruz hausnartzea.
3-Ondo: Lana gustora egin da, taldean giro ona sortuz eta giro hori eta gaiarekiko interesa besteei transmitituz.
4-Bikain: Nabari da lana interesekoa dela eta lana izanagatik ez ezik benetan ikasi nahi delako eta entzuleak hausnartzea nahi delako egin izana.
No hay comentarios:
Publicar un comentario