jueves, 29 de noviembre de 2012

ARGITARATZEKO


ZER DA IRAKASLE IZATEA?

Testu hau aukeratu dugu, irakaslea izango denarentzat pauta edo gomendio batzuk ematen dituelako irakasle lanean hasi baino lehenago kontuan hartzeko, seguraski askorentzat oso baliogarria izango delako gogoz  eta zentzuz hartzeko ogibide hau. Gainera, irakasle izaterako orduan izan ditzakegun arazo edo akatsak konpondu eta sahiesteko balio duela uste dugu.



Irakaslea ogibide bezala honen ikasleei erakustea eta jakintza berriak barneratzea helburu duena 
da. Irakasle bat irakasgai batean espezializatua izan daiteke, edo jakintza orokorrak transmititu 
ditzake, lehen hezkuntzako tutore askoren antzera. Irakasleak zein ikasleak ikasketa prozesuan 
parte-hartzaile aktiboak dira, irakasleak ikasketa prozesua bideratzen duelarik. Irakasleen 
izendapenerako bestelako termino batzuk ere badaude, hala nola; maisu/maistra, andereño... 
Irakasle baten funtzio garrantzitsuenetako bat, umeek euren inguruko mundua eta euren burua 
uler dezaten da. Umeei euren barruan duten jakiteko grina azaleratzen saiatu behar dira 
irakasleak, hauek ikus dezaten asko dakitela eta nahi duten guztia izatera hel daitezkela. 


Irakasle izatea dagoen lanbideetariko aberasgarriena da, bokazionala den heinean behintzat. 
Ikasleen jakintza bere eskuan dago eta horrek egiten du lanbidea oraindik baliagarrriagoa. Lan 
handia eta inplikazioa eskatzen ditu, bere esku baitago, maila handi batean, hauen ikasleen 
etorkizuna zein ikasteko eta egunero hobetzeko grina. Irakasleak dira, beraz, etorkizuneko 
langileen leheenengo hezitzaileak. Horretaz guztiaz gain beren indarrak jartzen dituzte 
ignorantziaren kontrako bidean. 


Ikasleak etxean ikasteaz arduratu behar diren arren, irakasleak du funtsezko papera ikasketa 
prozesuan, irakasgaietaz gain baloreak zein arau sozialak inkulkatzen dizkielarik. Irakasle baten 
ezaugarri aipagarrienetakoa pazientzia izan behar da, ikasleak errespetuz tratatu eta jakinduria 
izateaz gain. Irakasle onak kontsideratzen direnak, ikerketak eta saiakuntzak egin ohi dituzte 
heziketaren metodologia hobetzeko eta ikasleek gehiago ikas dezaten aspertu gabe eta interesa 
erakutsiz. Bestalde, urteak aurrera doazela, eta lehen irakaskuntzan denbora asko zeramatzaten 
irakasleak pribilegiatuak edo aipagarriagoak baziren ere, generazio berriak gogor datoz eta 
askotan egiten dute apostu ikasketa metodologia berrien alde. Modu horretan irakasle asko eta 
asko daude zeintzuk euren bokazioa dela eta ikasleentzat erreferente bihurtzen diren, bizitza 
guztian gogoratuak izanik. 



Irakaskuntza ikuspuntuaren arabera guztiz alda daitekeen lanbidea da. Irakasle asko daude 
aspertuta eta temarioa bukatzeko irrikitan, eta horiek ez dute inolako bokaziorik ez irakasle 
izateko gogorik. Seguruena irakasle bezala sartu ziren nota ez zutelako behar bestekoa benetan 
nahi zutena egiteko edo askotan esaten den bezala lanbide ona delako oporren eta soldataren 
arabera. Hau aldiz duela urteak zen, orain gero eta bokaziozko irakasle gehiago hezten hari dira 
suertez, magisteritzan sartzeko nota igo baita eta soldatek behera eta paroak gora egiten duen 
arren hor dabiltzalako irakasle bihurtu nahi dutenak. 

Olaia Aranburu Badiola


lunes, 26 de noviembre de 2012

Aranbizkarran lehen eguna


Goizeko 9:30ak ziren talde elkarreragileetako boluntarioak umeengana joateko prest geundenean. Ni behintzat poz-pozik baina urduri nengoen hasiera batean. Klasean sartu eta han zeuden etorkizunean guk irakatsiko genien adineko umeak. Denak guri begira, arreta handiz. Irakasleak azaldu beharreko azalduta bakoitza talde batera abiatu ginen. Nik umeen ondoan eseri orduko utzi nuen urduritasuna alde batera eta eurekin hizketan hasi nintzen. Talderik talde pasa ostean harriturik geratu nintzen zer nolako ume mota desberdinak aurki daitezkeen ikasgela batean. Bai jatorriz bai izaeraz bai adimen mailari begira guztiz desberdinak ziren haien artean, eta horrek modu batera edo bestera arazo batzuk sorrarazi zituen ariketak egitean; matematikan arazoak zituzten umeen aurrean beste ume batzuen harrokeria, ume batzuk parte hartzea beste batzuk isilik egoten ziren bitartean.

Argi dago irakasle bat desberdintasun hauekin bukatzen saiatu behar dela, eta hori egiten saiatu nintzen, umeei txandak errespeta zitzaten saiatuz eta elkarri laguntzea bultzatuz. Talde bakoitzean irakasgai bateko materiala landu genuen eta hori izango omen da talde elkarreragileen dinamika hemendik aurrera (eta horrela izan da daramatzagun 3 egunetan). Nire ustez oso aberasgarria izango da etorkizunerako eta benetan zerri aurre egingo diogun konturatzeko. Agian modu honetan ikasle askok gogo handiagoak garatuko dituzte irakasle izateko grinari dagokionez baina ziur nago egongo dela baten bat atzera botatzen dena benetan ikusten duelako ez dela umeekin egoteko jaio.

3 saio izan ditugu jada, eta gutxi izan arren umeak (batzuk besteak baino gehiago) oso rezeptibo ikusten ditut eta ez dut arazorik izan. Saioak amaituaz batera etxerantz joaten naiz bizitako esperientziari bueltak emonez eta gogoratuz momentu bakoitza ume horiekin nengoela. Pentsatuaz batera ezinegona sentitzen dut datorren astean berriro ume maitagarri haiekin lanean aritzeko eta ahal dudan guztia haiei transmititzeko.

domingo, 25 de noviembre de 2012

hezkuntzan aldaketa


Hezkuntzak eraldaketa sakona behar duela esatean asko ados egongo gara. Baina nola? Prozesu luzea izango da, ezin da egun batetik bestera egin; bestela, historian hainbatetan gertatu izan dena gertatuko da, hau da, horren alde ez daudenak haien ideiak aldarrikatu eta berriz ere aurrekora pasatuko gara edo aldarrikapen horiek aurrera eraman eta horiek inposatuko dituzte. Iraultza egin behar dela, bai, baina gauza asko daude egiteko lehenago. Kontzientziazioa, irakasle guztiok aldaketarako prest egon behar gara, kontzienteak izan behar gara hezkuntzak behar duen eraldaketaz; formakuntza, hori ezinbesteko da egin nahi dena modu egokian egin ahal izateko akatsak egin arren; gogoak, bestela ez du ezertarako balio etab.

Nire ustez, eraldaketa sakon hori egin baino lehen gauzak pixkanaka pixkanaka aldatu behar dira. Badaude mila gauza gaur egungo hezkuntza sistemaren barnean ere aldaketa horretarako deia izan daitezkeenak. Irakasleen jarrera aldatu beharreko lehenengo pilareetarikoa izango da. Egia esan, ez nago ziur nolakoa izango den LH-ko egoera momentu honetan; baina bizi izandakoaren arabera, irakaslea erdigunea izaten jarraitzen du. Adibidez, haren aulkia pribilegio bat izatea da, edo hala hartu izan dut nik behintzat. Besteona baino askoz erosoagoa. Ondo legoke, beraz, denek aulki berdinak izatea denak parekoak izateko. Askotan hitz egiten dutela  edota adi ez direla egoten aitzakiatzat hartuz banaka edo binaka jartzen dituzte aurrera begira, irakasleari begira. Honekin ez dut esan nahi taldeka antolatuta dauden ikasgelak ez daudenik horretan aurrerapen handiak egon baitira; baizik eta horrelako detaileak aldatzea eraldaketari bidea irekitzeko baliagarria izango dela.

Indibidualismo horrekin apurtzeko azterketak alde batera uztea izango litzateke zentzuzkoena, nire ustez. Hala ere, kentzea arazoak ekar ditzake zuzendariekin edo gorago daudenekin (lan egiten ari garen eskolaren filosofiaren arabera, noski). Ebaluatzeko beste modu bat beharrezkoa da. Baina hori alde batera utzita, zer gertatzen da materialarekin? Ikasle bakoitzak bere mahaia, aulkia eta apala du. Apala izatea zentzuzkoa izan daiteke egunero liburu guztiak aldatzea ez baita praktikoa. Baina mahaia? Zergatik bakoitzak du berea? Ez litzateke hobea izango aldatzen joatea? Guztiekin harremanetan egongo lirateke, denak gehiago ezagutuz, mahaiak denenak izango liratezke eta ez bakoitzarenak. Hau gure klasean ere gertatzen da eta inork ez zigun esan non eseri, lerroan zehar aldatu arren egunero esertzen gara lerro berdinean inguruan betikoak izanik. (kapitalismoaren eragina, agian)

Klasean erabiltzen den materiala ere kolektiboa izatea ez legoke gaizki. Orain  bakoitzak bere margoak, arkatza, boligrafoak etab. ditu. Behar den materiala kurtso hasieran erosiko litzateke fotokopiengatik, irteerengatik… gurasoek ordaintzen duten moduan materialarengatik ordainduko lukete. Behar duten materiala eskura izango dute. Koadernoak askotan ez dira amaitzen, baina hurrengo urtean berria erosten da; hau, adibidez, galaraziko genuke, material guztia ondo aprobetxatuz. Pasaden astean Aranbizkarrako ikastolan ume batek beste bati bere gauzak uzteko esan zion; orduan nik esan nion ez ziola apurtuko eta ez zela ezer gertatzen beste batek hartzeagatik (gainera, bakarrik eskuan zuen, ez zuen erabili, hau da, ezin zuen esan gastatuko ziola), eta berak erantzun zidan esanez kokoteraino zegoela beti gauzak hartzen zizkiolako gero erabili ez arren. Eta niri, behintzat, penagarria iruditu zitzaidan egoera hori.
Esperientziak esango digu zenbat gauza gehio aldatu daitezkeen. Orain bakoitzak pentsa dezala honez gain edo hau kenduta, ze aldatu nahi duen eta hori nola egingo duen.

martes, 13 de noviembre de 2012

Besteek gure lanari buruz hausnartu dute baina...guk zer diogu?




Eneritz:

Denok oso gustora egon garela uste dut, gure taldean hori nabarmena izan da eta nire taldekideekin (okurriturez) horren inguruan hitz egitean berbera aitortu dute. Ariketa hauek oso praktikoak dira ikasteko besteekin hitz egiten, eztabaidatzen etab. gehiago ikasten baita. Gainera, oso dinamikoa da. Esan beharra dago talde txikiak izateak asko laguntzen duela.
Nire esperientzia oso ona izan da, taldea ere oso ona izan dela iruditzen zait eta horrek gustora egotea eragiten du. Eztabaidak sortu dira hainbat gaien inguruan (niri asko gustatzen zait eztabaidatzea; beraz, primeran!), txandak errespetatu dira eta zalantzak izaterako orduan galdetzeko lotsa inork ez duela izan uste dut.
Beste alde batetik, guk aukeratutako gaiarekin oso pozik nago. Benetan talde lana egin dugu. Gainera, gure intereseko gaia izatean ez dugu hartu betebeharra izango balitz bezala, lan hori egiteko gogoak nabarmenak ziren. Hori aurkezpenera eramanda nire taldean ere berdina antzeman da, hau da, denok horren inguruko iritzia zuten ez baita oso urrun geratzen eta nire ustez, horrek interesa pizten du. Beste gai batzuekin konparatuz, errezagoa da eztabaida piztea.

Olaia:

Euskararen gaiaren inguruko egindako ahozkoa aurrera eramatea pentsa baino errazagoa izan zen. Taldekide guztiak egon ziren adi eta denon artean interesa erakutsi genuenez giro polita sortu zen. Bakoitzak bere gaia aurkeztu zuen bere posterra erabiliz eta egia esan posterra izatea abantaila handia izan zela uste dut. Posterraren laguntzaz gure gaia errazago ulertu zen, gaur egun eta denongandik ezaguna den gaia delako. Gure gaia aurreko sarreran gainetik konta bezalaxe euskara klasetik kalera izan da eta denon ahotan egon den gaia izan denez denek ulertu zuten primeran nola eskolan, euskara formala erakusten den (hala nola aditz oso trabestuak, egunerokotasunean erabiltzen ez direnak), eta ez dela ahozkotasuna behar beste lantzen. Lagunen arteko jarrera ere aztertu genuen, eta baita nola neskek joera handiagoa izaten duten normalean euskaraz hitz egiteko eta besteei euskaraz hitz egiteko proposatzeko orduan. Horretaz guztiaz gain,familiak influentzia handia duela komentatu nuen eta honekin guztiarekin ados agertu ziren ikaskideak. Beraz, eta talde txikiak izan zirenez, oso esperientzia ona iruditzen zait.

Lorea:

Gogoratzen dut nola hitzaldia hasi baino lehen, nire tadean geunden inork ez zuen lehenengoa izan nahi bere lana aurkezten, nik ere enuen hori nahi, eta gutxi balitz azkenean azkena izatea tokatu zitzaidan. Nire urduritasuna handituz joaten zen taldekide batek amaitu eta hurrengoa asten zenean, baina ni beraiek esan beharrekoari entzuten nion, gaiak gainera oso interesgarriak baitziren. Nire txanda iristerakoan ez zen bakarrik urduritasuna joatea gertatu, dibertitu eta guzti egin nintzen besteek beraien ideiak esateko mozten nindutenean, horrek nire gaia interesatzen zitzaiela adierazten baitzuen. Orokorki, oso pozik bukatu nuen nire taldeak jasotako emaitzekin, eta orain pentsatzen dudana da, noizko beste hitzaldi bat?

Maddi:

Hasteko, esan beharra daukat bereziki gustora egin dudala lan hau, batetik taldekideak motibatuta geundelako gaiarekin eta bestetik, elkarrizketarako eta debaterako aukera izan genuelako. Beharbada, lan idatzian eta posterrean asko sakondu genuen eta nik aurkezpenean piskat gainetik azaldu nuen lana, ahaztu gabe garrantzitsuena ( gaiaren nondik norakoa eta ondorioa, hau da, etorkizuneko irakasleokin zerikusia duena) esatea. Uste dut gure lana nahiko gustokoa izan dela denentzat, oso gertukoa izanik, bakoitzaren herri eta eskoletan euskeraren erabilera aztertzeko aukera eskeini zuelako eta etorkizunean lanean izango dugun erronkari buruz hausnartzeko. Horregatik, gustora sentitu nintzen gure lana transmititzen, eta talde txikiak izateak asko lagundu zuen lan guztiei arreta gehiago emateko eta bakoitzarena urduritasun txikiagoarekin azaltzeko. Beraz, metodo ona iruditzen zait talde txikietan aurkezpenak egitea, azken finean ikasi beharko genuke irakasle bat aurrean izan gabe taldetan antolatu eta gure gaiak azaltzeko.

sábado, 10 de noviembre de 2012

musikaren eragina heziketan

Gaur egun gehien kezkatzen nauen gaietariko bat hurrengo belaunaldiei utziko diegun mundua da. Honen inguruan gauza asko bururatzen zaizkit baina batetan bakarrik sakonduko dut, amaigabea izango litzateke hausnarketa hau bestela. Nik aukeratutako gaia modu orokor batetan esanda hurrengo belaunaldiek jasoko dituzten baloreak dira.
Mundu osoan zehar  balore desberdin ugari daude, elkarren aurkakoak ere. Herrialde bakoitzaren araberakoa da neurri  handi batean; baino horrek ez du esan nahi herrialde bateko kide guztiek balore eta ohitura berdinak izango dituztenik. Izan ere, oso bestelakoak izan daitezke etxe batetik bestera. Hezkuntzak, komunikabideek, inguruko jendeak… eragin handia dute bai nortasuna eraikitzerako orduan, bai balore horiek beraganatzerako orduan.
Hala ere, globalizazioa gaur egungo egoera deskribatzen duen ezaugarri  bat dela esan dezakegu; hala, ohitura edo pentsamendu komunak ditugu (berdintasuna, elkarbizitza…). Teorian bai, behintzat. Adibidez, arau komun batzuk izatea nahitaezkoa da elkarbizitza sustatzeko. Baina horren barnean ezin da sartu menderatuen eta menderatzaileen papera, ez datoz bat (herri zapalduak eta inperialistak; gizon eta emakumeak; herri pobreak eta potentziak; hiritarren arteko ezberdintasuna….). Berdintasuna zentzu zabalean ulertuta defendatzen dugunon artean ere badago desberdintasuna. Adibidez, teorian defendatzen dutenak edo teoria defendatu bai baina praktikara eramaten ez dakitenak.
Lehen esan dudan moduan, mundo globalizatu batean gaude eta horrek onuretaz gain, arazoak ekar ditzake. Demagun klase batetan hezkidetza asko lantzen dutela, ez dituztela umeak  sexuaren arabera “sailkatzen”; honekin zera esan nahi dut, neska eta mutilak kontuan hartu beharrean pertsonak kontuan hartzen dituztela, hau da, gizakiak hezten dituztela  ez rolak. Zer gertatzen da hori etxean ez badute lantzen? Ez badute komunikabideetan ikusten? Entzuten duten musikak hori ez badu bultzatzen?
Musikak  (eta komunikabideak oro har) tontakeria dirudien arren, izugarrizko garrantzia du baloreetan eta kulturan. Denok badakigu modan  emakumeak objektu sexual gisa agertzen diren abestiak modan  jarri direla (gaztea hamar minutuz entzutea nahikoa da horretaz ohartzeko).  Asko abestien bidez formatuko dira, gai batzuen gainean interesa piztuko zaie, dantza izango da buruan daukaten gauza bakarra letretan erreparatu gabe eta milaka egoera desberdin topa ditzakegu. Hala ere, ezin uka dezakegu nortasunean abestiek eraginik ez duenik. Erabateko berdintasuna defendatzen duen norbaitek ezingo du onartu entzuten dituen abesti  horietan emakumea objektu sexuala izatea edota iragarkietan “super woman”ak agertzea.
Horren aurrean zer egin dezakegu irakasleok? Gai honen inguruan gizarte kontzientziazioa premiazkoa da arazoa guztiz gainditzeko. Baina hori bapatean lortzea ezinezkoa da, paper oso garrantzitsua jokatzen du hezkuntzak honetan aldaketarako motorea baita. Hortaz, irakasleon lana oso inportantea izango da. Eta ez soilik lehen esan dudan moduan arauak, ohiturak etab transmititzeko, eskolaz kanpo kontraesanak sortuko baitira umeak nahastuz. Musika alternatiboa ere erakustea izan daiteke gure zereginetako bat. Ezin ditugu behartu  modan jarri den musika hori entzuteari uztera, hori ez dago gure esku. Baina bai alternatiba bilatu haiek beste musika ere ezagutu dezaten eta ez bakarrik guztiz komertziala dena. Haien esku utzi behar dugu aukera hori. Pirritx eta Porrotxen kantak dira adibide edo alternatiba egokienak, nire ustez, behintzat; munduaren ikuspegi oso desberdina helarazten dute besteekin konparatuz, umeei egokitutakoak eta aldi berean nagusitan haien barnean gordeko dituzten abestiak eta baloreak. Ez dut esaten dena perfektua eta polita denik,baina veste alternatiba bat  sortu arte nik kanta hauek erabiliko ditut. Ez dut uste umeren bat egongo denik Pirritx eta Porrotx baztertuko duenik.

domingo, 4 de noviembre de 2012

ERAMAN EUSKARA AHOAN ETA BIHOTZEAN


Taldekako gaia euskararen erabilera aukeratu dugunez, sarrera hau idaztea erabaki dut. Denon artean aukeraturiko gaia izateaz gain oso interes handia erakutsi dugu taldeko guztiok, eta beraz, oso gustura egon gara, ni behintzat, lan honi buruz hausnartzen. Hitz egitearekin batera konturatu nahiz zein nolako arazo pilo dauden euskararen erabileraren inguruan. Makina bat ideia agertu ziren eta lanerako ideia horiek ateratzea ez zen nik uste bezala lan baten antzekoa izan, gure arteko solasa baizik. 

Aurretik nik nire lagunen artean asko komentaturiko gaia izan da hau eta horren ondorioz esan dezaket ikuspuntu anitz ditudala nire kuadrillakoen artekoen arabera. Nire ustez, suertez denok izan gara beti euskaldunak, batzuk berriak eta beste batzuk euskaldun zaharrak, baina denok izan dugu beti euskararen inguruko nolabaiteko kontzientzia. Euskara sentimendu bat izateaz gain, euskaldunen hizkuntza da eta ezin dugu hizkuntza hiltzen utzi. 

Hizkuntzaren babes honen hausnarketan “trilinguismo”-aren ideia askotan eman da eta etorkizunean seguru garatuko den proposamena da. Horrek nire ustez euskararen erabilera lehen urria bazen ikastolara doazen umeen artean, gehiago gutxitzea eragingo luke, eta ez dut hori gertatzerik nahi ni irakasle naizenean. Egia da ingelesa hizkuntza garrantzitsua dela baina garrantzia alde batera utzita euskaldunok definitzen gaituen hizkuntza euskara den heinean internazionalizatzearen ideiak, niri behintzat, ez lidake hainbeste inporta beharko. Nire iritzia hauxe da; gurasoek aukeratu beharko lukete seme-alabak euskaraz edo ingelesez ikastea umeak oraindik ez direnean guztiz “autosufizienteak”. Ez da inposaturiko zeozer izan behar, baina euskararen ahultasuna gailenduko luke ingelesez hainbat ikasgai emateak, eta horrek nahita ez gure kultura gutxiestea eragingo luke, umeen artean hitz egiten den euskara maila baxuaz gain.   Hemen uzten dudan bideoan John Bieterren hitzaldia entzun dezakegu. Gizon hau ingelesa da eta euskara ikasten hasi zen zerotik, baina hala ere, euskaldun askok baino hobeto hitz egiten du, gogoz ikasi duelako euskara eta denok dakigun bezala "gogoko lekuan aldaparik ez". 




Bestalde eta hezkuntzarekin lotura zuzenik ez badu ere amorru handia ematen didan gauza bat dago: “itxurazko euskaldunak”. Termino honekin erreferentzia egin nahi diet euskara defendatzen duten horiei eta inoiz erabiltzen ez dutenei. Araba euskaraz, ibilaldia, kilometroak, nafarroa oinez eta abar ez dituzte inoiz galtzen eta han joaten dira euskal herria goraipatzen duten kamisetekin (Euskaraz bizi eta antzekoak) eta entzuten dituzunean beti dabiz erdaraz. Horrela ez goaz inora. Euskara zure kamisetek dioten bezala maite baduzu erakutsi eta eraman euskara zure ahoan eta bihotzean, izan daiten zure lehen hitza.

jueves, 1 de noviembre de 2012

Hezkidetza eta haur literatura

Gaurkoan bideo hau eskeini nahi nizueke, badakit jada Eneritzek honi buruz zeozer hitz egin digula; baina oso interesgarria iruditu zait eta zuekin konpartitu nahi nuke.

Gutxi gora behera Eneritzek komentatu zuenez, oso garrantzitsuak dira gizarteak zabaltzen dituen baloreak bai komunikabide zein kasu honetan haur literaturaren bitartez. Orokorrean, ipuin klasikoek, ez dituzte berdintasunaren baloreak zabaltzen baizik eta emakume otzan eta gizon ausartaren ideiak; bestalde, bikotekide gabe erdi pertsona izango bagina bezela agertzen gara eta  soilik bikote heterosexualaren eredua ikus daiteke. Gizartea aldatzen ari den heinean, ipuin hauek aldatzeko beharra somatzen dela argi dago. Beraz, umeek mota honetako ipuinak irakurtzen badituzte, ideia horiek barneratzen dituzte; normala da gero genero rol espezifikoak bereganatzea sexuaren arabera; eta baliteke, jostailuen aukeraketan adibidez eragina izatea ere, ipuinetan agertzen diren printzesak nahi izatea neskek eta soldadu baten armadura mutilek.

Baina bideo honetatik ateratzen dudan gauza garrantzitsuena da zer egin dezakegun irakasle izango garenok etorkizunean ipuinak eraldatzeko  berdintasun eredua erakus dezaten, oso garrantzitsuak direlako ume baten irakurtzeko zaletasuna pizteko, sormena lantzeko... . Proposatzen dena da adibidez pertsonaiak aldatzea edota  bukaera alternatiboak umeek asmatzea. Oso ideia ona izan liteke, baina arazo bat ikusten diot horri; eskolan landu behar da berdintasuna, guztiz ados, eta alternatiba ona iruditzen zait, denok egin beharrekoa, eta seguraski etorkizunean burutzen saiatuko naizena. Baina, ume hauek etxean ipuin klasikoak, hala nola,mari errauskin, loti ederra...irakurtzen badituzte, hau da, gurasoek berdintasun aspektu hori zaintzen ez badute, ez al da oso zaila izango umeek genero rolak ez bereganatzea? Argi dago hezkuntza, tresna ezinbestekoa dela berdintasunezko gizartea eraikitzeko, baina ikusten dudana da, denon eskuetan dagoela gure seme-alabei beste erako ipuinak erakustea eta txiki-txikitatik pertsona bezela heztea.